XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bilintx Haur Literatur Sariaren epea amaitzear

Bilintx IV Haur Literatur Sariketarako lanak bidaltzeko epea irailaren 15eko eguerdian bukatuko da.

Donostiako Bilintx liburudendak Euskal Herriko haur eta gazte literaturan urrats berriak eman asmoz antolatu du aipaturiko saria urteotan.

A saileko idazlanek OHO-eko haurrei zuzenduak beharko dute izan.

Lan hauen luzera gutxienez 25 foliotakoa eta gehienez 35 foliotakoa izango da, makinaz idatzita.

Sail honetan irabazleak 500.000 pezetatako saria jasoko du.

Bigarrenari, berriz, 300.000 pezetatako saria emango zaio.

B saileko idazlanak OHO-eko goi zikloko edo BBBko gazteei zuzenduak beharko dute izan.

Lan hauen luzera gutxienez 80 foliotakoa eta gehienez 125 foliotakoa izango da, makinaz idatzita.

Sail honetan irabazlearentzat saria: 800.000 pezeta.

Bigarrenak jasoko duen saria: 450.000 pta.

Idazlanak euskara batuan idatziak, orijinalak eta inon argitara gabeak izango dira.

Idazlanak narrazio, ipuin luze edo nobela sailekoak izango dira, gaia idazle bakoitzaren esku uzten delarik.

Gaiak nolabaiteko batasuna eduki behar duenez, ez da onartuko ipuin ezberdinen bildumarik.

Lehiakide bakoitzak nahi hainbat lan aurkez ditzake helbide honetara lan bakoitzaren hiru kopia bidaliz: Bilintx liburudenda. Fermin Calbeton kalea, 30. Donostia, 20003.

Lanak ezizenez agertuko dira, egilearen sinadurarik edo beste inolako ezagupiderik adierazi gabe.

Sobre itxi baten barruan idatziko dira egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa.

Eta kanpotik ezizena eta lana zein sailetara aurkezten den adieraziko da.